XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eliza betetzeko bildu zen haizean, Elizabethek ez zion senarrari aditu.

Eta Johnengan pentsatu zuen, elizako atzealdean eserita, isilik eta loguraz beteta, begietan izaten zuen harridura eta izu hartaz guztiari so.

Elizabethek ez zuen burua jaso.

Beste apur batez itxaron nahi zuen, ea Jainkoak hitz egiten zion.

Aldare haretxen aurrean belaunikatu zen, hainbeste urte lehenago, barkatua izateko.

Udazkena iritsi zenean, airea lehor eta zorrotz bihurtu zenean, eta haizea zakartu, beti egoten zen Gabrielekin.

Florencek ez zuen begi onez ikusten, eta hala esan zuen makina bat aldiz.

Baina ez zuen gehiagorik esaten, eta Elizabethek erabaki zuen inongo gaiztakeriren berririk ez zekielako zela, nebarekiko areriotasunak bultzatuta esaten zuela hura.

Baina Florencek bere profeziak igortzeko hizkuntza zehatzena aurkitu izan balu ere, Elizabethek ez ziokeen jaramonik egingo, ordurako Gabriel baitzuen indar-emaile.

Bera eta bere haurra zaintzen zituen beste egitekorik ez balu bezala; oso ona zen Johnekin, harekin jolasten zen eta gauzak ekartzen zizkion bere haurra bailitzen.

Elizabethek bazekien haren emaztea haurrik eman gabe hil zela, eta Gabrielek beti nahi izan zuela seme bat izan; oraindik ere otoitz egiten zuen, esaten zion Gabrielek, Jainkoak seme bat eman ziezaion.

Elizabethek, ohean bakarrik etzanda, eta haren ontasunaz pentsatuz, batzuetan uste zuen agian John zela seme hura, eta noizbait bientzako kontsolamendu eta bedeinkazio bihurtuko zela.

Gero pentsatzen zuen oraingoan berriro helduko ziola alde batera utzitako fedeari, ostera ere ibiliko zela argipean, Richardek lagunduta atzean utzi zuen argipean.

Tarteka, Gabrielengan pentsatzen ari zela, Richard etortzen zitzaion gogora haren ahotsa, haren hatsa, haren besoak oinaze izugarriez; eta gero gorputza uzkurtzen zitzaion Gabrielen ukitua aurrikusiz.